logo
arabako lautada
Zabaldu: Facebook Twitter Google Plus

La Comarca

Jai Egutegia

Harria guganaino heldu da, baina horrek ez du esan nahi ondare guztia harria denik. Gure talde identitatea osatzen duen oro ere gure ondarearen parte garrantzitsua da, hots, hainbat modutan adierazten dugun kultura propioa, besteak beste; arte plastikoak, antzerkia, musika edota kirola.Eta Arabako Lautada oso lurralde eremu emankorra da aipatu guzti honi dagokionez.
Lautadako jai egutegia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen zen gizarte baten ondorioa da, beraz, urtaroek garrantzi handia dute gaur egun dugun jai egutegiaren osaeran. Hau ulertzeko bi datu izan behar ditugu kontuan. Batetik, antzinean urtea ez zela urtarrilaren 1ean hasten, baizik eta udaberriko ekinozioan, gaur egungo martxoaren 21ean hain zuzen ere; Bestetik, jai horiek guztiak Elizak kristautu dituela, nahiz eta oraindik ohitura paganoak direla antzeman.

Inauteriak

Elizak bere jatorrizko izaera desagerrarazi ezin izan duen jai bakarra da . Negu eta udaberriaren arteko trantzizioan ospatu izan da beti, elizak garizuma ezartzeko aurreratu zuen arte, pasioa eta berpizkundearen aurreko penitentzia eta hildura garaia, judutarren pazkoan kokatutakoa, udaberriko lehenengo ilbetearen aurreko larunbatean hain zuzen ere. Inauteriak Lautadako herri askotan ospatu izan ziren 1936-1939ko guda arte. Diktadura-garaiaren ondoren Zalduondon berreskuratu ziren, eta azkenaldian Ilarduia, Egino, Andoin eta Agurainen ospatzen dira. Gidoi zehatzik gabeko antzezpena da, pertsonai zehatz batzuekin eta itxura estereotipatuarekin egiten dena. Mozorroen bidez parte-hartzaileen benetako izaera izkutatzen da. Hauek neguaren amaiera ospatzen dute, Zalduondon, esaterako, Markitos pertsonaia ikurtzat dutelarik. Hau epaitua eta exekutatua izaten da , herriaren eta herritarren zorigaitzen arduratzat eman ondoren, eta honekin jaiari amaiera ematen zaio.

Done Joan

Elizak Done Joanen jaia,kristau izan ez zen santu bakarra, udako solstizioan ezarri zuen. Jai honek urarekin eta eguzkiarekin lotura handia dauka, hots, soroen aberastasunarekin. Lautadako herri askotan sua egiten da Done Joan bezperako gauan, ekainak 23. Agurainen, berriz, herriko gazteek Done Joan enparantzan makala landatzen dute gau horretan, eta jarraian makalaren goialdera igotzen saiatzen dira. Agurainen sua abuztuaren 29an egiten da, Done Joan Batatzailearen lepamoztearen egunean.

Bartea

Barteko jaia, erabateko nekazal kutsua duena, uztailaren 4an ospatzen da. Egun horretako arratsaldean Larreako bizilagunak oinez joaten dira ondoan dagoen Hermuako herrira. Bertan ogi biribil erraldoi bat jasotzen dute, barte izenekoa, eta aurrezkua dantzatzen dute Larreara itzuli baino lehen. Jai honen jatorria ez da ziurra, dena dela, izurri baten ondorioz Hermuakoek Larreakoei eskeinitako laguntzan izan dezake oinarria. Laguntza hau eskeini zieten nahiz eta haien arteko istiluak izan San Martinen irudi baten salmenta dela eta.

Dulantziko Bataila

Irailaren hasieran Dulantziko herriak Dulantziko Batailaren antzezpena egiten du. Bataila horretan, Zumalakarregi jeneralaren boluntario karlistek, urriaren 26 eta 27an, Madrilgo gobernuaren armada garaitu zuten.Herri osoak parte hartzen du antzezpen honetan, eta Dulantziko jaietan ospatzen da.

Aguraingo Azoka

Aguraingo azoka urriaren lehenengo astean ospatzen da, Arrosarioaren Amabirjinaren omenezko jaietan hain zuzen ere. 1395ean du jatorria, eta gaur egun arte mantendu da. Aintzinean garrantzi handiko azoka zen, eta estatuko nekazaritza eta abeltzantza munduan oso ezaguna izan zen, batez ere, zaldiei esker. Nekazal eremuen mekanizazioaren ondoren abere eta nekazal tresnen esposaketa bilakatu da. Horrez gain, abere eta gazta lehiaketak burutzen dira bertan, artisauen azoka egoten da eta bertako produktuen salmenta ere bai. Egun horretan pilota partidu profesionalak ere egiten dira.

Errepuierre

Ohitura hau Lautadako herri askotan ospatzen da urte amaieran. Inauterien antzeko ohitura da, berez, erritu berdina da, baina data desberdinetan ospatzen da; bata gaur eguneko egutegia kontuan hartzen du eta besteak antzinako egutegia, baina biek garai baten amaiera ospatzen dute. Herriko gazteak kalez kale aritzen dira lastozko panpin bat beraiekin daramatela eta errepuierre abestia kantatuz. Errepuierre euskal hitza da, erre ipurdia erre hain zuzen ere, hau da, urteari ipurdia erretzen zaio egun honetan, eta ihauterietan bezala lastozko panpina erre egiten da aurreko urteko zorigaitz guztiei amaiera emateko.

Bestelakoak

Jai hauetaz aparte, Lautada osoan herrietako jaiak edota erromeriak ospatzen dira. Hauetatik garrantzitsuenak honakoak dira: Gaunako San Víctor, Barriako San Bernardo eta Marietako Santa Marina. Lautadan antolatzen diren kultura ikuskizunen artean, Araiako Umore Antzerki Jaialdia nabarmentzekoa da, nazio mailan ezaguna da eta abuztuaren erdialdean burutzen da.

Carnaval en Agurain
Logo Cuadrilla Agurain