logo
arabako lautada
Zabaldu: Facebook Twitter Google Plus

La Comarca

Gastronomia

Esaten dutenez, historian gose izandako herri batek besterik ez du gozamen gastronomikoak preziatzeko gaitasuna, eta anoa oparoak kontsumitzekoa. Euskaldunak asko jaten du, egia da, baina hori “belaunaldi-gosea” delakoagatik omen da. Lautadan, oraindik ere, badira familiak, gaur egun gazteak direnen aurreko belaunaldietakoak, 8-10 edo anai-arreba gehiagok osatutakoak. Iraganean hori oso ohikoa zen. Elizak, ejerzitoak eta emigrazioak irtenbide bakarra zen horientzat guztientzat. Garai hartako elikagaiak oinarri oinarrian gaur egun arte mantendu dira, nahiz eta patatak haragiarekin jatetik haragia patatekin jatera pasa garen.

Nekazal oinarria duen gizarte bati dagokion bizi irauteko ekonomian oinarritzen ziren orduko familiak, etxean jaten zena etxean ekoizten zena zen. Baratzeko barazkiak, babarrunak, babak, eta batez ere, patatak, bakarrik edo beste edozerekin. Oiloak ere bazituzten, baina arrautzak salmentarako erabiltzen ziren batez ere, dirua lortu ahal izateko eta horrekin beste produktu batzuk erosi ahal izateko, esaterako; Errioxatik ekarritako ardoa. “Ardoaren eta arrainaren ibilbidea” izenekoa, gaur egungo GR38 bidezidorra, Lautada hegoaldetik iparraldera zeharkatzen zuen. Izen hori zeukan mandazainek Oionetik eta Biasteritik ardoarekin joaten zirelako Bizkaiko kostalderaino, eta arrain lehorrarekin bueltatzen zirelako. Arbulon, gaur egun, bide hori “Camino de la Boyería” eta “Camino de los Arrieros” izenekin ezagutzen da. Bakailaua eta sardinzarrak, gure arbasoek ezagutu zituzten itsas arrain bakarrak izan ziren. Txerrikiak, etxe guztietan gizentzen baitzen urtean txerri bat gutxienez, proteina aportazio garrantzitsuenetakoa zen, baita sukaldatzeko gantz aportazio garrantzitsuenetakoa ere, garai hartan oliba olioa luxua baitzen. Garai hartan kolesterola erabat ezezaguna zen. Naturatik ere lortzen ziren beste elikagai iturri garrantzitsuak, ehiza eta arrantzatik esaterako, orduko dietaren osagarriak ziren.Baita mitxarroak, liroiak, eta barraskiloak noski. Horrez gain, ezin ahaztu basoko fruituak; marrubiak, mugurdiak eta intxaurrak. Eta noski, baita onddoak eta zizak ere. Haragia, oilaskoarena barne, ospakizun handietarako gordetzen zen.

Baina orduko gastronomiaren altxorra, gaur egun bezala, gazta zen, gure mendi zerretan bazkatzen duten ardi latxen esnearekin egindakoa.

Gaur egun egoera guztiz aldatu den arren, Arabako Lautadan janari xumeen inguruko ohiturak bizirik dirau. Horrek ez du esan nahi janari elaboratuen zale ez garenik, kanpotarrengandik ikastea oso gustukoa izan dugu beti. Patatak txorixuarekin, babarrunak txerrikiekin, entsaladak, menestra, babak, onddoen arraultzopila, perretxikoak, porruak, patatekin noski, bakailaoa edo beste edozein arrain mota, barraskiloak eta abarrekoak dasta ditzakegu gure inguruetan. Baita ehiza ere dagokion sasoian. Hauek dira Lautadako jakiak, geure amonarengandik jasotakoak eta gaur eguneko sukaldari bikain eta berritzaileek prestatzen dizkigutenak.

Fotografía de diversos platos elaborados
Logo Cuadrilla Agurain